Previous Next

Estatistikaren Munduko Eguna gogoratzeko

Estatistika ofizialen ikusgarritasuna eta gizarteak haiengan konfiantzaren areagotzea egozten zaie bere jarduna gidatzen duten datuen independentziaren eta kalitatearen oinarrizko printzipioei

Nafarroako Parlamentuak informazioaren erregistro-analisiaren balioari buruzko ekitaldi bat egin du gaur arratsaldean, Estatistikaren Mundu Eguna dela eta, agerian uzteko zenbaketa funtzioak nolako garrantzia duen erabaki politikoak hartzeko orduan eta, beraz, baita garapenaren sustapenean ere, modu jasangarrian.

 

Parlamentuko lehen lehendakariorde Inma Juríok eman dio hasiera ekitaldiari, eta nabarmendu du, zerbitzuaren eta osotasunaren bokaziotik abiatuta, estatistika publikoaren zeregina inguratzen duten ekarpen ugari egin direla, gizarteak datu ofizialetan duen ikusgarritasuna eta konfiantza areagotzera zuzenduta, betiere independentziaren eta oharraren kalitatearen oinarrizko printzipioetatik abiatuta.

 

Inma Juríok ideia hau azpimarratu du: “estatistika zehaztasunez erabiltzen jakitea funtsezkoa da erabakiak hartzeko, eta hori horrela da politikan zein medikuntzan edo ekonomian. Bizi garen informazioaren gizarteak albiste faltsu edo fake news ugari sortu ditu, eta, askotan, lan estatistikoaren zorroztasunetik desmuntatzen dira”.

 

Lehendakariordeak, azkenik, zorionak eman dizkie Nafarroako Estatistika Institutuari (Nasat) eta Soziologia eta Politologiako Elkargo Ofizialari, Foru Komunitateko errealitatea erradiografiatzen laguntzeagatik, “herritarrentzat, oro har, eta Parlamentuan bereziki, balio handia duten datu eta txostenen” bidez.

 

Jarraian, Nafarroako Soziologia eta Politologia Elkargoko Dekanoa María Ibarrola andereak eskertu du Nafarroako Parlamentuak eginiko harrera, eta jakinarazi du Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuaren ibilbidea aitortuko dutela Nafarroako gizarte zientzien arloko jakintza eta aitortzari prestigioa emate aldera bi urtetik behin ematen duten Gizartea eta Giza Balioak sariarekin.

 

Marina Sagasetak, Nasat-eko Koordinazio eta Hedapen Estatistikoaren Ataleko buruak, estatistikaren gaitasuna azpimarratu du, “irizpide objektiboetan oinarrituta kontuak ematea errazteko”. Horixe izan zen, besteak beste, 2010eko otsailean Nazio Batuen Estatistika Batzordea urriaren 20a Estatistikaren Nazioarteko Eguna izendatzera eraman zuena. Egun hori bost urtez behin ospatzen da 2015etik —bigarren edizioaren data—, “estatistika ofizialen lorpen ugariak” nabarmentzeko.

 

Iragan urriaren 19an, Lehendakaritzak proposatuta, Eledunen Batzarrak aho batez onetsi zuen adierazpen instituzionala, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Estatistikaren Mundu Egunarekin.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Estatistikaren Mundu Egunaren ospakizunarekin, zeina urriaren 20an baita, eta estatistikak egungo gizartean duen garrantzia aitortzen du.

 

Era askotako datuak biltzeaz, tratatzeaz, aztertzeaz eta interpretatzeaz arduratzen den zientzia da estatistika, dela erabakiak hartzen laguntzeko, dela gertakari baten erregulartasun-baldintzak azaltzeko. Izan ere, estatistikak ahalbidetu egiten du ezagutzaren edozein eremutako ikerkuntza zientifikoarekin lotutako prozesua bururaino eramatea: medikuntza, ekonomia, kirola, eta abar. Bestela esanda, estatistikarik gabe ez dago ikerkuntza aplikaturik.

 

Nazio Batuen Batzar Nagusiak Estatistikaren Mundu Eguna ospatzeko hautatu zuen urriaren 20a. Ospakizun hori bost urtean behin egiten da 2010az geroztik, mundu osoan ekitaldiak eginez. Egun horren garrantzia datza estatistikek erkidego-, enpresa- eta gobernu-erabakiak hartzean duten garrantzian. Ospakizun horren helburua da estatistika ofizialen ekarpen ugariak nahiz estatistika publikoaren oinarrizko zerbitzu- nahiz osotasun-balioak ospatzea. Halatan, estatistika ofizialen ikusgarritasuna eta gizarteak horiengan duen konfiantza areagotzea bilatzen da, datuaren independentziaren eta kalitatearen oinarrizko printzipioak berretsita.

 

Nafarroako Foru Komunitatean, Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak bere gain hartzen du produkzio estatistikoaren plangintza, eta Gobernuko gainontzeko unitateekin batera prestatzen ditu demografiari, ekonomiari, gizarteari, zientziari eta teknologiari, nekazaritzari, industriari eta zerbitzuei buruzko estatistika ofizialak. Gainera, gainontzeko erregioetako estatistika-bulegoekiko eta Estatistikako Institutu Nazionalarekiko koordinazioaz arduratzen da.

 

Halaber, erakundeei, enpresei nahiz herritarrei dei egin nahi zaie aipatu printzipio horien arabera erabil ditzaten estatistika ofizialak, erabakiak hobeki hartzeko modu gisa eta kontu-ematea irizpide objektiboetan oinarrituta hartzeko modu gisa”.

 

Ekitaldia Legebiltzarreko atalondoan izan da, eta honako hauek bertaratu dira, besteak beste, Alberto Bonilla (Navarra Suma) y Jabi Arakama (Geroa Bai).